miércoles, 26 de mayo de 2010

Denok Bruselara!

Lehenik eta behin, Ezker Abertzaleak alor, ibilbide eta ikuspegi anitzeko gazte independentistek osaturiko GaztEHerria dinamika txalotu nahi du. Anitzen arteko elkarlana oinarri izanik, independentziaren proiektua gauzatzeko ibilbideari ekin diote Euskal Herriko milaka gaztek.

Prozesu Demokratikoaren gakoak barnebiltzen ditu bere baitan GaztEHerria-k: indar metaketa eta herritarren aktibazioa. Tantaz tanta geldiezina izango den gazte olatua eraikitzeari ekin diote, parte-hartzean eta elkarlanean independentziarako bide propio bat sortuz eta egunerokotasunean gauzatuz.


Euskal Herriaren askapen borrokan ezinbestekoa izan da gazteriaren ekarpena: belaunaldi berriek erakutsitako kemen, freskotasun, sormen gaitasun eta konpromisoaren bidez herri honek aurrera egin izan du beti, garairik latz eta ilunenean ere, bideak argituz edota bide berriak asmatuz.Horrexegatik, konpromisoaren adibide diren euskal gazte independentistak beti izan dira errepresioaren jo puntu. Azken urteotan, zenbatezinak dira euskal gazterian eta oro har gure herriaren aurka Estatuek burutu dituzten erasoak: legez kanporatzeak, atxiloketak, torturak… Ukazioa, errepresioa eta jazarpena egunoroko ogi bihurtu dizkigute, de factozko salbuespen egoera bat ezarri delarik Euskal Herrian, independentziaren aldeko herri sektoreak etsipenera eraman nahi dituena. Etsipenari baina, ekinaz eta iniziatibaz egin behar zaio aurre, eta horretan dabil Ezker Abertzalea. Prozesu Demokratikoaren bidez, herri bezala zein norbanako bezala dagozkigun eskubideen jabe egitera goaz, proiektu politiko guztiak gauzagarriak izango diren eta eskubide guztiak bermatuak izango diren agertokia eraikitzera goaz.


Guzti honegatik eta indar metaketan eta herritarren aktibazioan beste urrats garrantzitsu bat dela deritzogulako, GaztEHerriak deiturik “Eskubide zibil eta politikoak euskal gazteriarentzat” lelopean larunbat honetan Bruselan burutuko den manifestazioan parte hartzeko edota laguntzeko deialdia egiten dugu. Independentziaren aldeko lanaren zilegitasuna aldarrikatzeko eta euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen defentsan, larunbat honetan denok Bruselara!